TOPA ESZENIKA eta azken entseguaren kronika


Emanaldia dugu ostegunean Usurbilen. TOPA ESZENIKAren barruan egitea ez da izango Oreretan egitea bezala, baina era berean lagun artean sentituko gara. Pena merezi du Topa, Braingstorming edo Adel bezalako ekimenak sortzea, eta posible dugun neurrian babestea eta laguntzea.

Iraila hasita entseguei heldu diegu, Gelnst, Zprist eta Snifsten ahotsak bilatu ditugu berriz gure gorputzetan. Hor daude, gogotsu, beti bezain arraro, maitagarriro arraro.

Larunbateko entsegua arraroa izan zen, hala ere. ADIERAZI EHren manifestazio deialdiarekin gertatutakoak izan genituen gogoan, eta uneka Gelnst eta Zpristen esanak beldurgarriak iruditu zitzaizkigun. Absurduaren teatroan kokatu izan dugu 'Herio heroi' lana, baina batzuetan errealitatea fikzioa baino absurduagoa da. Kuriosoki sentsazio horri buelta emateko bidea eskura dugu, eta behin eta berriz ibili beharrekoa da: adierazi, adierazi, adierazi... hori bera egingo dugu ostegunean, eta beharrezkoa den guztietan.